Iñaki Encina Oyónek gero eta ospe handiagoa du orkestra zuzendari gisa Frantziako panorama lirikoan, barrokotik musika garaikidera doan errepertorioarekin. Jorma Panula eta Enrique García Asensioren ikaslea, Euskal Herriko Goi Mailako Musika Eskolan (MUSIKENE) zuzendari gisa trebatu zen. 2005ean Parisko Opera Nazionaleko Atelier Lyrique-an izan zen onatura, eta bertan hainbat produkziotan parte hartu zuen, korrepetidore edo zuzendari laguntzaile gisa (Idomeneo, Hippolyte et Aricie), eta hainbat konpositoreren opera garaikideen sorkuntzan lagundu zuen, Xavier Dayer, Kaija Saariaho edo Friinta konposagileekin lanean.
2011an Palais Garnier-en egindako debutarekin bere ibilbidea asko nabarmendu zen, Opera Nazionaleko orkestrako musikariekin musika garaikideko kontzertu batean. Zuzendari euskaldunak Lille, Dijon, Rouen edo Renneseko operetan lan egin du ordutik, baita Japonian (Tokyo Metropolitan Orchestra) edo Buenos Aires-eko Colon Antzokiko Ganbera Operan ere.
2016az geroztik, Festival du Périgord Noir-eko Antzinako Musikaren Nazioarteko Akademiako musika zuzendaria da. Bertan, Stradella-ren San Giovanni Battista, Händel-en Il trionfo del tempo e del disinganno edo Telemann-en Der Tag des Gerichts bezalako obrak lantzen ditu. Errepertorio handia ahaztu gabe, Madrilgo Errege Antzokian (Iphigénie en Tauride, Norma, Carmen) edo Palau de les arts Reina Sofian (Turandot) zuzendari laguntzaile bezala aritu da ere. Bestalde, Iñaki Encina Oyónek interes berezia erakusten du errepertorio ezezagun edo ez hain antzeztuarekiko. Horrela, Herblayko Théâtre Rogert Barat-arekin izan duen lankidetzari esker, Weber-en Abu Hassan, Mascagni-ren Zanetto , Menotti-ren The Consul edo Barber-en Vanessa aurkeztu ahal izan die Parisko publikoari, eta Ensemble Diderot-arekin lankidetzan, Salieri-ren Falstaff edo Händel-en Athalia.
Iñaki Encina Oyón, Gasteizko Jesús Guridi Kontserbatorioan pianoan eta klabezinean titulua lortu ondoren, Arabako Foru Aldundiaren beka jaso zuen Thérèse Dussautekin ikasten jarraitzeko Tolosako Kontserbatorioko perfekzionamendu klasean.
Zuzendaritza bere jarduera nagusia izan arren, Encina Oyónek ez du inoiz pianoa alde batera utzi eta kantu espainiarra, lied-a eta doinu frantsesa lantzen ditu, ganbera ziklo ospetsuetan: Louvreko Auditoriumean, Bastilleko Amphithéâtrean , Opéra de Lillen, Bilboko Arriaga Antzokiko Kuartitoetan edo Madrilgo Zarzuela Antzokiko Anbigú antzokian.