(Co) zuzendari artistikoa eta ekoizpena
Filologia Hispanikoan graduatua Euskal Herriko Unibertsitatean eta Kantu Klasikoan Kataluniako Goi Mailako Musika Eskolan (ESMuC). Bere ibilbide labur eta hasiberrian, bere proiektu propioak sortzeko eta kudeatzeko interesa erakutsi du beti, lirikaren ideia moderno, eguneratu eta berritzailean oinarrituta. Publikoa zabaltzeaz eta kultura-eskubideak defendatzeaz arduratzen da, eta XXI. mendeko edozein artistak kultur hedapenean eragile aktibo gisa aritzeko konpromisoa hartu behar duela ulertzen du, interprete gisa egiten duen lanaz haratago. Horren erakusgarri da Ohorezko Matrikula kalifikazioa lortu duen Gradu Amaierako Lana, Operaren demokratizazioa. Gaur egun, Gaztelania eta Literaturako Bigarren Hezkuntzako irakasle sutsu gisa egiten dituen lanak jaialdiko zuzendarikide izatearekin bateratzen ditu, zinez sinetsita baitago kantatzeaz eta kantuaz gozatu nahi badu, Gasteizek ahots-musikaren aldeko apustu sendoa egin behar duela.
(Co)zuzendari artistikoa eta gestioa
Koru Zuzendaritzan graduatua Kataluniako Goi Mailako Musika Escolan (ESMuC) eta XXI. mendeko Kulturaren Kudeaketa eta Marketineko post-graduatua UNEDen. Jaialdi hau zuzendu eta kudeatzeko erronkan murgildu aurretik, Bernaola Jaialdiko (Sinkro Musika Elkartea) produkzio-arduraduna izan da, eta Gasteizko Ganbara orkestrarekin ere kolaboratu du. Espazio eta publiko berrien bilaketa beti izan da parte hartu duen proiektuen printzipio nagusia. Bigarren hezkuntzako musika-irakasle gisa egin duen lanean, musikarekiko gustua baldintzatzen eta modelatzen duten elementuak eta bizipenak ikertzea izan du helburu, batez ere gazteenen artean, baita gustu estetikoa handitzeko eta musika klasikoarekiko aurreiritziak eta oztopoak hausteko estrategiak sortzea ere.
Giza ahotsa guztiok dugun musika-tresna gorena bezala defendatzea, existitzen diren guztien artean zaharrena, naturalena eta demokratikoena dena.
Ahots-musikaren horizonteak zabaltzea, gutxi esploratutako eremuetara eramanez, diziplina hori gozatzeko aukerarik izan ez den txoko eta espazioetara.
Musika lirikoaren eta, oro har, musika klasikoaren munduari lotutako praktikak eta ohiturak kolokan jartzea, eta genero hauei lotutako elitismo eta esklusibotasun aurreiritziak eraistea.
Gustu pertsonalez edo musika-prestakuntzaz harago, ahots-musika estetika askotan goza daitekeela erakustea eta musika-genero eta -estetiken arteko hesiak haustea, haien arteko elkarrizketa, posible ez ezik, komenigarria ere badela erakutsiz.
Errepertorio liriko eta klasikoa hurbilago eta eskuragarriago egiten laguntzea, eta, horrela, herritarrei musika sortzaile handien denboraz kanpoko obraz, iraganekoaz eta orainaldikoaz (eta, zergatik ez, etorkizunekoaz) gozatzeko aukera eskeintzea.
Kalitatezko programazio kultural eta artistiko baten alde egitea, gizarte garaikidearekin eta gizarte-aurrerapenarekin konprometitua, bereziki emakumea artean ikusarazteko erronkarekin.
Zuzeneko musika esperientzia paregabetzat aldarrikatzea, bakarra, errepikaezina eta iragankorra den heinean.
Guk bezain beste gozatu dezazuen eta emozionatu zaitezten lortzea. Eta etor zaitezten, noski!